PEDIATRAK ERE GOMENDATZEKO MODUKOA

Euskal antzerkiari eskainitako txoko honek dituen gabezien artean,
nabarmenetakoa da umeentzako teatroari orain arte lekurik eskaini ez
izana; tira, hobeto esanda,familientzako antzerkiari, komentatuko dudan
Eidabe konpainiaren obra ume zein helduei zuzendua baita. Aitortu behar
dut hasiera batean konplikatua iruditzen zitzaidala obraren gaia, alegia
generoa eta sexismoa, umeei era atsegin batean erakustea. Baina berehala
erakutsi dute taldekoek askotan konplexutasuna helduok jarria dela berez
sinpleak diren kontuetan. Azken finean, parekidetasunaren afera galdera
soil batean labur daiteke: zergatik ezin dira jolas berberetan ibili
neskak eta mutilak?

Obrak tonu samur, bizi eta izugarri dibertigarria du. Nabaria da
Eidabek umeen aurrean garatu duen eskarmentua, naturaltasun handiz
baliatzen baitute txikitxoek maite duten umorea eta, aldi berean, oso
kontuan izaten dute beraiekin dauden helduei ere ikuskizun atsegin bat
eskaintzea.

Besteak beste, asko gustatu zaizkit ekintza dramatikoa animatzen duten
abesti mitikoen bertsioek. Euskaraokeko errepertoriora pasatuko ahal
dira, propio sortutako letrekin parekidetasunaren himno diren kanta
hauek!

Galder Perezen testua ere nabarmentzekoa da: pertsonaia erreal eta
maitagarriak erakutsi ez ezik, euskara aberats baina aldi berean jator
eta ulerterraza darabil. Sexismoaz gain, umeen garapenean oso
kaltegarriak diren beste aurreiritzi asko seinalatzen ditu obrak,
betiere dibertsioaren eta pedagogiaren arteko orekari eutsiz. Umeen ­eta
helduen­ osasun mentalerako, beraz, ezin hobea.

JAIME VALVERDE –    (GARA 2015/12712)

 

eidabe