MP3
.
Eulalia Abaitua Allende-Salazar
[ Bilbao, 1853 – 16.9.1943 ]
Eulalia Abaitua eta Allende-Salazar, Bilbon jaio zen, 1853ko urtarrilaren 25an, eta Bilbon bertan zendu, 1943ko irailean. Bartzelonako Jesusen Bihotzaren Ikastetxean ikasi zuen, harik eta 1873an sendia Liverpool (Erresuma Batua) aldera aldatu zen arte. Bilbora itzuli zelarik, 1878an, Begoña Elizatea izan zen hartantxe eraiki zuen etxea. Hain zuzen ere, Pinuaren Jauregia izenaz ezaguna den ingeles estiloko eraikina. Han Gerra Zibila hasi arte bizi izan zen. Gero Bilboko Kale Nagusira aldatu zen.
Argazkigintzari zion zaletasunak Eulalia bere inguruan zuenari begiratzera eraman zuen eta halaxe, bere garaiko emakumezkoek betetzen zituzten zereginen, hala plaza zabalean nola etxe barruan ere, lekukotasuna utzi zigun. Argazkigintzaren aitzindaria Euskal Herrian, gehienbat 9×12 formatuko xafla estereoskopikoekin, bromuro-gelatinazko emultsioa erabiliz. Begirada antropologikoz bizimodu arrunteko eta gehienetan anonimoak ziren jendeak erretratatuz, hala baserrikoak nola kale girokoak, herri-pertsonaia sorta ederra utzi zigun. Era berean sarritan egiten zituen txangoen lekukotasuna eman zuen.
Etxekoen eta senitartekoen bizimodua ez ezik beste pertsona eta egoera askoren erretratuak egin zituen, bertatik bertara beti ere. Halaxe ekarri zituen argazkietara ezkaratzak eta laratzak, plazak eta iturri-ondoak ziren biltokiak, ikuztarriak eta merkatu-plazak, eta horiek legez eguneroko bizimoduaren ardatz ziren beste leku batzuk ere. Eulaliak gogokoen zituen lekuetako batzuk bere gertu-gertuko ingurukoak ziren, Begoña eta Bilbo Hiribildua esaterako, bestela itsas-adarreko ibarretako Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Algorta maite zituen. Bizkaiko itsasertzean Mundaka, Ondarroa eta Lekeitio legezkoak edo ostantzean Gipuzkoako eta Kantabriako antzekoak bisitatu ohi zituen.
Eulalia Abituaren argazkiek, gehienetan kanpoaldeetan eta berezko argitasunez atereak, pertsonaiari bere ingurumarian gerturatzeko ahalegin etnografikoa erakusten dute. Begoñako Elizateko eguneroko bizimoduaren kronikari dohatsua izan zen aldetik Eulaliak argazkietan jaso zituen tokiko herri-jaiak, horietan dantzek eta lekuak zuten garrantzia islatuz, hots, haietan izaten ziren agintariak, musikariak eta guzti horien inguruan biltzen ikusleak nabarmenduz. Hori horrela, argazkiok iragan mendeko atalasean hiriaren nolakotasunaren eta hiritarren nortasunaren testigantza ezin baliotsuagoa, paregabea dira.
.







